HAUR HEZKUNTZAKO ARGAZKIAK

1. ARGAZKIA



Hauek izan ziren nire lehenengo lagunak, nire ikastolako lehen klasea da. Pena bat da gure haurtzaroko gauza gehienak ahaztea, batez ere ondo pasatzen genituen momentu horiek. Hala ere, ondo gogoratzen dut txikitako irakasle hau, asko maite genuelako. Hainbat oroitzapen ditut irakasle honekin, nire amak askotan esan didan bezala, nabari zen bere ikasleak asko maite zituela.



Ni betidanik izan naiz klaseko txikiena, eta salto dezente nabaritzen zen urtarrilekoen eta abendukoen artean. Hala ere, irakasle honek beti errespetatzen zuen bakoitzaren erritmoa, eta ez zuen ariketa bat amaitutzat ematen denok bukatu arte, eta hori oso egokia da haurrentzat. Gainera, eskolaren eta familiaren harremana sustatzeko hainbat bilera egiten zituen, eta kurtsoaren amaieran guraso guztiei bidali klasearen bideoa bat.



2. ARGAZKIA




Nire ikastolan betidanik ospatu dut gogo handiarekin Santo Tomas eguna, hemen, Donostian, egun berezi bat delako, eta gehienok ospatzen dugulako txistorra eta taloak jaten. Ikastolako egun berezi honetan, ez genuen eguneroko klase normala egiten, baizik eta hamar eta erdietan denok batera bertan antolatutako postuetara joaten ginen txistorrazko pintxoak jatera. Gainera, urte horretako ikastolako azken eguna izaten zen beti, eta hurrengo egunean gabonetako oporrak zirela jakiteak kriston ilusioa egiten zigun. Hori gutxi bada ere, nire lagun hoberenaren urtebetetzea tokatzen zen egun berezi horretan, beraz ezin hobea izaten zen.


Unibertsitatean berriz, ez da hainbesteko gogoekin ospatzen egun hau, eta nahiz eta niretzako jarraitzen duen berezia izaten, egun honetan klasera joateko ilusioa joan egin zait. Gainera, orain ez da inor klasera joaten baserritar jantziarekin, eta urte batetik bestera hori aldatzea pena bat da.


3. ARGAZKIA


Hau nire haur hezkuntzako egunerokoa da. Asteburua iristen zen bakoitzean, plan desberdinak egiten genituen gure familiarekin, eta ondoren astelehena iristen zenean, egunerokoa betetzen genuen gure planak kontatzeko. Lehenengo, testu labur baten bidez, azaltzen genuen larunbatean egin genuen plan gustukoena, eta ondoren marrazki bat egiten genuen hori errepresentatzeko. Eta berdina igandearekin.

Ariketa honen bidez, idazten eta data jartzen ikasteaz gain, gure plan gustukoena kontatzeko aukera edukitzen genuen eta baita gure familiarekin bizitako esperientziak marrazteko. Gainera, aukera ederra iruditzen zait haurrak klaseko protagonistak sentitzeko, ondoren denon aurrean bakoitzak bere esperientzia gogokoena azaltzen zuelako. Oso garrantzitsua eta baliagarria iruditzen zait, azken finean zure klase kideen aurrean hitz egiten duzulako, eta lotsa hori txikitatik gainditzea egokia izan daitekeelako. Kontuan hartzeko gauza bat da, umeentzako normalean interesgarria den gai bat dela aste bukaeran egindako gauzak kontatzea. Horregatik, oso ariketa ona iruditzen zait ikasleen motibazioa eta parte hartzea sustatzen duzulako, interesgarria iruditzen zaien gai batean oinarrituta.


4. ARGAZKIA


Nire txikitako momentu hoberenak ziren, nire klaseko lagun guztiekin txiki parkera joaten nintzenean. Hoberen gogoratzen ditudan momentuak dira. Haur hezkuntzako klasean jende asko ginenez (25 gutxi gorabehera), pertsona baten urtebetetzea zen bakoitzean ezin ginen txiki parkera joan, gehiegi izango zelako. Horregatik, hilabeteka antolatzen ginen, urtarrilean eta otsailean betetzen zuten ume guztiak festa bat antolatzen zuten txiki parkean, eta horrela abendu arte. Beraz, bi hilabetero gutxi gorabehera, ospakizun bat edukitzen genuen klaseko guztiak, Donostian bertan dagoen “Rekalde” parkera.

Gogoan dut ostiraletan joaten ginela toki honetara, eta normalean ikastolako autobus berezi bat etortzen zen guri jasotzera eta txiki parkera eramatera, antolatzen zuten gurasoekin. Iritsi bezain pronto, korrika sartzen ginen, pultsera bat jarri, eta korrika bigarren pisura igo merienda zain geneukalako. Oraindik gogoan dut ematen ziguten sandwicha eta txutxeak. Normalean ez genuen denbora asko igarotzen meriendatzen, segituan joaten ginelako jolastera.

Oso momentu onak pasatzen genituen eta benetan dibertigarriak izaten ziren arratsalde horiek. Jolasteaz gain, karaokean abestu egiten genuen ere, eta hori nire gustukoena izaten zen, betidanik gustatu zaidalako abestea eta dantzatzea. Ondo pasatzeaz gain, oso garrantzitsua iruditzen zait gure sentimendu eta emozio guztiak kanporatzen genituelako, eta noizean behin ondo etortzen zitzaigun. Pena ematen dit, aspaldian ez naizelako horrela dibertitu, txikiak ginenean bezala, jolasten eta saltatzen.

5. ARGAZKIA



Danborrada eguna oso ospetsua izan da beti Donostian, eta neri asko gustatzen zitzaidan nire ikastolako lagunekin ateratzea, danborra jotzen. Ikastolan jende asko garenez, ez ginen urtero ateratzen konparsan, baina tokatzen zitzaigunean ilusio handiarekin jotzen genuen. Gauza da, mutil guztiak danborra jotzen ateratzen zirela, eta kantineraz atera nahi bazuten, aguantatu behar ziren, ez zietelako uzten. Neska gehienak berriz kantineraz jantzita instrumenturik jo gabe ateratzen ziren. Baina neri nahiko aspergarria iruditzen zitzaidan, izan ere danborradaren eguneko hoberena, danborra jotzea zen. Horregatik, neska batzuekin eta mutil guztiekin instrumentua jotzen ateratzen nintzen.

Ilusio ikaragarria egin izan dit betidanik, danborra jotzen ateratzea Donostiako kaleetan zehar. Batez ere, txikia zinenean, zure familia osoa zu ikustera joaten zenean, eta zu haiek ikusteko deseatzen egoten zinenean. Hoberena da, Donostiako kaleetan zehar danborra jotzen ateratzeko ohitura ez dela joan nire kasuan. Gaur egun, oraindik ere nire ikastolarekin jotzen ateratzeko aukera dut, eta espero dut ohitura hau ez galtzea. Izan ere, gurekin ateratzen diren batzuk, ikastolako irakasleak dira, eta nahiz eta helduak izan, oraindik jotzen ateratzen dira.



6. ARGAZKIA


Argazki honetan ikusi dezakegu ikastolarekin egindako irteera bat, abentura parke batera, konkretuki Bertizera. Irteera honek markatu egin ninduen, nire lehen gaua izan baitzen ikastolako lagunekin. Gainera, hainbat jarduera egin genituen lo egiteaz gain, hain zuzen ere: tirolina, eskalada, etab. Gogoan dut pertsona dezentek beldurra geniola tirolinari, eta gure gela kideak ariketa egiten ari ziren bitartean, gu irakasleekin gelditu ginen ikusten. Hala ere, nik bezala beldurra zion lagun bat behingoz ausartu zenean, ni ere atzetik joan nintzen.

Irteera hauek betidanik asko gustatu zaizkit, azken finean ikastolako errutinatik egun pare bat ateratzea ondo etortzen delako, eta batez ere jarduera desberdinak egiten direlako. Unibertsitate batzuetan irteera txiki bat izan ohi dute, elkar ezagutzeko eta klaseak pilekin hasteko. Nik hori faltan bota dut, nire ustez, ondo etorriko zitzaigun horrelako irteera motz bat egitea, azken finean ez ginelako gure artean ezagutzen, eta aukera paregabea izan daiteke.

7. ARGAZKIA


Hau nire azken urtea izan zen haur hezkuntzan, eta nire azken urtea gela kide hauekin, eta gogoan dut ez nuela nire lagunengandik banandu nahi. Nire ikastolan, lau klase egoten ziren, eta txiki txikitatik hizkuntzaren arabera banatzen gintuzten. Nire kasuan, euskaldunen klaseetariko batean negoen eta ez genuen gazteleraz inoiz hitz egiten.

Pena bat izan zen klasez aldatu izana, denok nahastu ginelako, eta geroztik ez zelako klase euskaldun bat izan gurea. Hamar bat pertsona etorri ziren gure klasetik, eta beste hamar joan nire klasetik beste batera. Zifra hori nahikoa izan zen gure artean gazteleraz hitz egiten hasteko. Euskaldunak ginen pertsona gehiago ginen, eta haiek beraien artean euskaraz hitz egiten hasi beharrean, gu hasi ginen gure artean gazteleraz hitz egiten.

Gaur egun nire lagun taldearekin gazteleraz hitz egiten dut eta saiatu arren gure artean euskaraz egiten, ez da naturalki ateratzen. Pena bat da, ikastola batean bizitza osoan ikasi ondoren, orain gure artean erdaraz egitea.

8. ARGAZKIA


Argazki hau haurtzaindegikoa da, eta argi ikusi daitekeen bezala denak mantalarekin gaude, jangelara sartzeko prest. Irudi honekin ez dut haurtzaindegiko egoera edo ingurua komentatu nahi, baizik eta nesken eta mutilen arteko desberdintasuna. Argi ikusi daiteke mutilek bata urdina daramatela, eta neskek berriz arroxa, nik izan ezik.
Gaur egun oraindik ere haurrak desberdindu egiten dira sexuaren arabera, eta sexu bakoitzari kolore bat, kirol bat, jostailu bat edo janzkera bat asoziatzen zaio. Koloreen kasuan, mutilei urdina erosten zaie eta neskei berriz arroxa. Nire gurasoak berriz, mantala urdina erosi zidaten, izan ere ez du axola mutila edo neska izan, denok eraman dezakegulako gustatzen zaiguna. Nire amari galdetu ondoren, esan dit ez nintzela inoiz kexatu nire gelako neska gehienak bata arroxa zutelako eta nik berriz mutilek bezala. Hala ere, haur asko desberdin sentitzen dira, haien sexuko lagunak kolore edo gauza desberdin bat baldin badute.
Nire ustez, desberdintasun hauek alde batera utzi beharko genituzke, eta ume bakoitzak eraman dezala gustuko duen kolorea, inor aukeratu beharrean bere partez. Ondo egongo litzateke, denetarik egotea, eta ez argazkian ikusi dezakegun bezala mutilek mantala urdinak erabiltzea eta neskek arroxak.
9. ARGAZKIA


Hau nire betiko panpina da, jaio nintzen egunetik oparitu zidatena nire gurasoek. Haur gehienek dute panpin bat haien gustukoena dena, eta beti egongo dena besteen gainetik. Ba pelutxe hau da egunero erabiltzen nuena jolasteko, lo egiteko, eta baita ikastolara joateko.
Nire gurasoek komentatu zidaten, haurtzaindegira joaten nintzenean eta baita ikastolara haur hezkuntzako lehen kurtsoetan, pelutxe hau eramaten nuela nire motxilan. Nire ustez, batez ere kurtso hasieran, umeei asko kostatzen zaie haien gurasoengandik banantzea eta jarraian irakaslearekin eta lagunekin jolasten hastea. Horregatik, panpin honek babesa ematen zidala esango nuke. Gainera, nire irakasleak esaten zigun, nahi bagenuen gure gogoko objektu bat eraman genezakela klasera, eta nik beti hartz hau eramaten nuen.
Oraindik ere gordeta daukat panpina, eta nahiz eta ez didan hainbesteko babesa ematen lehen bezala, oroitzapen asko ekartzen dizkit, eta ezinezkoa izango litzateke haurtzaroko objektu maite bat botatzea.

10. ARGAZKIA


Argazki honetan suhiltzaileen ibilgailu bat ikusi daiteke, eta pila bat ume aparrarekin jolasten. Gauza da, nire ikastolan gurasoek ez dute parte handia hartzen eskolako jardueretan, baina batzuetan haien lanarekin erlazioa duten txarla eta ekintza batzuk egiten dituzte. Kasu honetan, familia eskola harremana sustatzeko, nire lagun baten aita etortzen zen urtero erakustera bere lana, eta txarla txiki bat eman ondoren, eta azaldu ondoren nola funtzionatzen zuen ibilgailuak, ura eta xaboia botatzen zuten jolastu genezan. Hau dena ikastolan bertan egiten zuten, autobus geltokia oso handia zelako, eta bertan kurtso asko batera sartzen ginelako.
Nire iritziz, oso ideia ona da ikasle batzuen gurasoak parte hartzea ikastolako ekintza batzuetan, familia-eskola harremana sustatzeaz gain, lan batzuk oso interesgarriak izan daitezkeelako haurrentzat. Ekintza hau bereziki asko gustatzen zitzaigun niri eta nire lagun guztiei, ikasteaz gain, jolastu ere egiten genuelako.





Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

2017/03/24 Ebaluazio didaktikoa

2017/03/03 Paradigmak

2017/02/17 Jaume Sarromona